Txikitatik barazkien kontsumoa eta bizimodu osasungarria sustatzeko asmoz

Ausolanek eta Florettek bat egin dute 5.000 eskola-umeri baino gehiagori barazkien onurak erakusteko

  • Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago ekimena (3 eta 12 urte bitarteko haurrak), eta ikasgeletara eraman nahi du ongi sentitzeko kontzientziaz eta modu osasungarrian jaten ―txikitatik― ikastearen garrantzia; horretarako, Ausolanen eta Floretteren filosofian oinarritu da.
  • Lehenengo bi edizioen arrakasta ikusita, hirugarren honek musika eta mugimendua dakartza, eta barazkien kontsumoa eta ongizate emozionalerako dituen onurak estuki lotuta daudela irakasteko modu dibertigarria bihurtu nahi du ikaskuntza.
  • Errukulari esker kontzentrazioa handitzea, brokoliari esker lasai egotea eta ikusmena zaintzea, uraza-hostoei edo ardi-mihiei esker hobeto lo egitea… Horra hor elikagai horien onura emozionaletako batzuk.

Ausolanek, sukaldaritza kolektiboko enpresak, eta Florettek, kontsumitzeko prest dauden entsaladen ekoizpenean liderrak, 3 eta 12 urte bitarteko Nafarroako eta Euskadiko 5.000 ikasleri baino gehiagori zuzendutako jarduera bat garatu dute, barazki gehiago kontsumi daitezen sustatzeko.

Ekimen hori Ausolanen eskola-jantokietako hezkuntza-proiektuaren barruan jasota dago, eta, Ausolanen hezkuntza-proiektuko taldeak azaldu duenez, “bizimodu osasungarria sustatu nahi du, barazkien propietateak eta haien kontsumoak ongizate emozionalean duen eragin positiboa ezagutuz”.

Horretarako, ikasleek bost “ese” dituen menu bat jaten ikasiko dute egunero (“Sano”, osasuntsua; “Saludable”, osasungarria; “Seguro”, segurua; “Sostenible”, jasangarria; eta “Sabroso”, zaporetsua); barazkiak eta frutak izango dira menu horien protagonista, harmonia emozionala lortzeko. Taldeak esan duenez, “oso txikitatik erakutsi nahi dugu elikadurak eragin handia duela osasun-egoera fisikoan, baita egoera emozionalean ere”.

Helburu hori guztiz bat dator Floretteren usteekin; alegia, Fermín Aldazek, Florette Ibéricako Merkaturatze eta Marketin Saileko zuzendariak dioenez, “elikadura osasungarriak pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duela”. Halaber, esan duenez, “txikitatik hori erakutsi badezakegu eta horretaz kontzientziatzea lortzen badugu, tokian-tokian ekoiztutako barazki freskoak kontsumitzea eta txikitatik bizi-ohitura osasungarriak hartzea zeinen garrantzitsua den ikasten lagunduko diegu haurrei”.

Hobeto jaten ikasteko jardueren tailer bat

Gaur egingo da lehenengo tailerra, Barazkiak eta emozioak bat datoz izenburupean, eta ekainaren 14ra arte egongo da martxan. 44 ikastetxetara iritsiko da, eta tailerreko ekintza guztiak (asterokoak) adin-maila bakoitzera egokitutako praktiken bidez garatuko dira.

Ikasleek ikasiko dute barazkiak eta frutak altxor nutrizionalak direla eta haien osagarriak (esaterako, bitaminak eta mineralak) ezinbestekoak direla ongi sentitzeko eta zoriontsu izateko.

Aurten, “Barazki-dantza jaialdia” proposatzen dute, jokabide osasungarriak (esaterako, dantzaren eta musikaren bidez ariketa fisikoa egitea) eta elikadura osasungarria irakasteko modu bat. Dantzatu bitartean, barazkien propietateak ikasiko dira, eta, amaitzeko, “ogitarteko dantzaria” prestatuko da. Osagai ugariko entsalada handi baten errezeta, egunean 5 fruta- eta barazki-anoa kontsumitzearen garrantziaz ohartarazteko eta menu osasuntsua, osasungarria, jasangarria, segurua eta zaporetsua aukeratzearen alde egiteko mezua indartzeko.

Halako jarduerak eskola-jantokiko aisialdian garatzen dira, eta, Ausolanen arabera, “elikadurarekin, higienearekin, jarduera fisikoarekin eta gizarte-harremanekin erlazionatutako ohitura eta jokabide osasungarriak hartzea bultzatu nahi dute”.