• Bereizgarri hori Bureau Veritasek Espainian emandako lehena da, eta jasangarritasunari dagokionez erreferentea da kolektibitateentzako sukaldaritzan.
  • Durangoko (Bizkaia) Kurutziaga ikastola izan da jantoki eko-arduratsuaren eredu horren ziurtagiria jaso duen lehen ikastetxea. Atzo egin zion aitorpena Ausolanek.
  • Jantoki jasangarriko eredu berria da, bederatzi zutabetan oinarritua; tartean, erosketa arduratsua edo elikagaiak alferrik ez galtzeko prebentzioa, ekomugikortasuna, baliabideen erabilera eraginkorra eta erantzukidetasuna.

 

Kolektibitateentzako Ausolan sukaldaritza enpresa da, hain zuzen, Bureau Veritasek ematen duen Jantoki Eko-arduratsuaren ziurtagiria lortu duen lehen erakundea Espainian, eta Durangoko (Bizkaia) Kurutziaga ikastola da ziurtagiria eskuratu duen lehen ikastetxea.

Jantoki Eko-arduratsuaren ereduak, edozein jarduera sektoretan aplikagarria denak, honako helburu hau dauka: “Elikadura jasangarria sustatzea, bai eta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen arteko oreka bermatuko duen ereduaren alde egitea”, nabarmendu du Nuria Carbajalesek, Ausolaneko Kudeaketa Sistemen zuzendariak.

Eredu horrek funtsezko bederatzi zutabe ditu, eta honako jarduera eremu hauek biltzen ditu:

  • Erosketa arduratsua: ingurumenarekin eta sozialki arduratsuak diren produktuak lehenetsiz.
  • Dieta osasungarria eta jasangarria: dieta nutritibo, osasungarri eta jasangarriak osatzen dituzten elikagaien eta edarien kontsumoa bultzatuz bizitzaren etapa guztietan.
  • Baliabideen erabilera eraginkorra: energia eta ur eredu jasangarriagoetarantz aurrera eginez.
  • Elikagaiak alferrik ez galtzeko prebentzioa: ekoizpen eta kontsumo jasangarriagoa lortzeko.
  • Hondakinen prebentzioa, berrerabilera, birziklapena eta balorazioa: hondakinen prebentzioaren eta murrizketaren bidez ekoizpen eredu zirkularretan aurrera eginez.
  • Ekomugikortasuna: garraio jasangarriagoa sustatuz.
  • Hezkuntza jasangarria. Ingurumen inpaktuekiko kontzientzia sortuz eta jangelan hezkuntza eta prestakuntza integralaren bidez ohitura jasangarriak sustatuz, hori guztia ikastetxearen hezkuntza proiektuan txertatuta.
  • Ikastetxearen erantzukidetasun integrala: jangelatik haratagoko jasangarritasunerantz.
  • Erakunde osasungarria: langileen osasuna, segurtasuna eta ongizatea bermatuz.

Jantoki Eko-arduratsuaren eredua ezarri nahi duten enpresak Ausolaneko talde batekin egongo dira une oro. Horrenbestez, Ausolanek “faseka planifikatuta, aholkularitza eta prestakuntza eskainiko du jantoki jasangarriago baterako trantsizio horretan”, Gotzone Heriz negozio kudeatzaileak adierazi bezala.

Gainera, ereduak indarreko eta etorkizuneko legedia betetzen eta aurrezpen ekonomikoa lortzen lagunduko du, energia eraginkortasun handiagoaren bidez.

Bureau Veritasek Jangela Eko-arduratsuaren ziurtagiria eman dio Ausolani. Izan ere, Ausolanek gainditu egin du Bureau Veritasek berak, hots, ikuskaritza, ziurtapen eta entsegu zerbitzuetako munduko liderrak, egindako auditoria independente eta inpartzialaren prozesua. Ziurtagiri horrek balioesten du kolektiboentzako sukaldaritza konpainia hori bat datorrela NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin, zehazki, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzko 12. GJHarekin, munduko elikagaiak alferrik galtzeko joera erdira murriztea bilatzen duena.